Gaurkoan ez gara Poznanetik oso urruti ibili. Ordubeteko autobus paseotxoa eta gero Lednica-ko parke naturalera iritsi gara. Bertan dagoen museoan herri poloniarraren sorrera izan zeneneko lekua ezagutu ahal izan dugu. Nahiz eta zerua oskarbi egon ipar haizea latza izan da eta gehienok buruan txanoa, eskuetan eskularruak eta lepoan buff-a jarrita ibili gara egun osoan zehar. Neska ausarta batzuk ordea eguzkia zegoela ikusirik, arropa politenak janztea erabaki dute eta ondorio bezala txango osoan zehar kikilduta ibili dira hotzaren hotzez.
Baten bat ere ekintza arriskutsu batean atzo erositako zapata berriak janztea erabakirik konturatu da naturan ibiltzeko takoiak ez direla batere egokiak.
Europan gelditzen diren 10. mendeko eliza baten hondakin original bakarrak ikusi ditugu eta lakuan aurkitutako hainbat eta hainbat tramankulu. Hauen artean aizkorak, geziak, txanponak, sukalde tresnak... denak 900. urtekoak. trainera antzeko ontzi bat ere berreskuratzea lortu zuten eta ikasle baten esanetan "honekin bai irabaziko genuke Kontxako bandera".
Hau ikusi ondoren ia bertan zegoen Gniezno herrira abiatu gara. Bertan polonian eraikitako lehen katedrala bisitatu eta bere dorreetako batera igo gara. Nire kalkuluetan dorrera igotzeko eskailera 250 maila igo behar izan ditugu. Honen ondorioz batzuei arnasa falta izan zaie kanpandorrera iritsi direnean. Bertatik kilometrotako ikuskizuna izan dugu gure aurrean eta batzuk argazkiak egiteko beta izan dute. Honen ondoren Poznan-era itzuli gara eta arratsaldean erosketak egiteko denbora izan dugu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario