2013-04-15

Berlin, Paris eta... TOLOSA!!!!

Hasi da itzulera, baina oraindik egun batzuk geratzen dira helmugara iristeko. Lehen geldiadia Berlin hiria izan da. Europako hiri turistikoa, Bigarren Mundu Gerran zeresan handia izan zuena, eta gaur egun kulturartekotasun handia duen metropolia. Nola ez Reichstag eraikina, Brandenburgoko atea, Holokaustoaren omenez eginiko monumentua, Harresia, Chackpoint Charlie, Gestaporen egoitza nagusiko hondakinak... ikusteko denbora eman digu goizeko orduetan, eta ondoren talde bakoitzari hiriko planoa eman eta "libre" utzi ditugu. Eguraldiak ez digu gehiegi lagundu, zerua lainotuta eta tartean euria egiten baitzuen. Hala ere honek ez digu eragotzi erosketa/opariak egiteko eta saltxitxa germaniar on batetaz gozatzeko!

Topaketa puntura denak zintzo-zintzo bueltatu dira eta ekin diogu Pariserako bidaiari. Hirietaz ari gara baina autobuseko orduek ere pasadizo eta xelebrekeri ugari bizitzeko aukera ematen dute: irribarreak, ikasleen komentarioak autobusaren marruskadurari buruz, zine kritikak, futbol tertuliak, kapitalismoaren sareetan eroritako arima galduak, kalitatezko porduktuak erosten dtuzten ikasle iaioak, sarin gasaren parekoak diren usainak...

Honela iritxi gara Parisera, beno..., iritxi, ez.

Autobusak autopista erdian pott egin bait du. Eskerrak Gill izeneko autobus gidari jatorra etorri zaigun bere autobusarekin. Bitartean garabia etorri da mekanikariekin gure autobusa konpontzera. Behin Parisen sartuta autobusak Konkordia plazan utzi gaitu eta ikasleen banaketa egin dugu, bakoitzari hiriko lekurik esanguratsuenak markatuta zeuden plano bat eman ondoren. Ikasle talde bat, arte zaletasun handia duela eta, Louvre museoan sartu eta ia bi orduko bisita egin du, nola ez bertan Hammurabiren kodea, Ramses IIa, Kariatideak, Samotraziako Victoria, Eskriba eseria, mesopotamiako lehoiak, Miloren Venusa, eta ia derrigorrezkoa den Mona Lissa edo La Gioconda, Leonardo da Vinci-ren koadro famatuaz gozatzeko aukera izan dutelarik.

Ondoren bazkaldu eta beste hirietako ohitura jarraituz, erosketak egitera!!

Eiffel Dorrearen azpian elkartu gara guztiok berriz ere gure autobusaren zain eta zertxobait itxoin behar izan dugun arren ondo probestu dugu denbora taldeko argazkiak ateratzen paisaia paregabean.

Eta azkenik, TOLOSARA!!

Denok irrikatan gaude etxera iritxi, guraso anai-arreba neba-ahizpak besarkatu, opariak eman, deskantsatu, ohe normal batean lo egin, gosari beroa hartu... azken finean etxera itzultzeko.

Eta ez inola ere gaizki egon garelako! Bidaian izan ditugun komeri guztiak pasatzeak merezi zuen izan dugun bidaiaren ondoren. Joanean dastatutako goulash eta rostya, Bernako hartzak, Pragako alde zahar zoragarria, gazteluko goardia aldaketa,  Auschwitzeko negu gorri-zuria, Poloniarren dohaineko adeikortasuna, gengibrez (eta ez ginebraz) eginiko opilak, pierogiak, uretan egindako hegaldi eta jauziak, Berlineko eraikin izugarriak, Pariseko xarma paregabea..... eta hainbat eta hainbat gauza gehiago, bakoitzak bere etxean kontatuko dituenak!

Eguneroko txiki hau bukatzeko, irakasleok autobusean esan genizuen, baino hemen jartzeak ere merezi duela uste dugu. Bidaia hau ezinezkoa izango zen zuek gabe, eta ez naiz presentzia fisikoaz bakarrik ari, zareten bezela izan zaretelako baizik; zeuen iritzi, kexa, esker, adarjotze, laguntasun, solasaldi, komeria, xelebrekeri eta batez ere konpainia onarengatik.

Mila mila esker hiruron partetik, bidaia hau GUZTIONTZAT atsegina izatea lortu duzuelako!!

Ondo izan eta hurrenarte!!!

No hay comentarios:

Autobusean

Afaltzen eta arropa aldatzen

Igeriketa semisinkronizatua

Abesten

Euskal kantak polakoentzat

Dantzan 1

Dantzan 2

Dantzan 3

Aquaparken

Txorien lagunak

JARRAITZAILEAK

Hirukide albisteak