2012-04-21

Integrazio eguna eta agurra


Integrazio eguna eta agurra
Oraindik bidaia geratzen zaigu, baina orain arteko egunik politenetakoa bukatu delakoan gaude. Goizez bitan banandu gara eta talde bakoitzak bi eskoletako ikasgaietan hartu du parte. Musika, dantza, kimika, ingelera eta informatikako klaseak beste batzuen artean, eta ez pentsa, geuk ere erakutsi dizkiegu euskarazko hitz batzuk! Dantzako taldean, poloniarren dantza tradizionalak ezagutzeaz gain, salsa, shakira, arin-arin eta fandangoan aritu dira neska mutilak … bai, ondo entzun duzue geure mutilak fandango eta arin-arinean aritu dira!!
Xalbadorren Heriotzean ere entzun ahal izan dugu Poznaneko Eskolapioetako pareten artean bertako ikasleek abestuta.
Momentu hunkigarriak izan dira benetan, “ikasleak beti ikasle” esapide erabiliari benetako zentzua eman diotenak.
Klaseak bukatu ondoren hamaiketako eder bat eskaini digute ikastetxean bertan eta ondoren Poznan hiria ezagutzera eraman gaituzte. Hiriak Polonian izan duen garrantziaz jabetu ahal izan dugu, dituen eraikin, artelan eta monolitoen bidez; eta noski bertako irakasleek eman dizkiguten azalpen argien laguntzarekin.
Ikasleek (eta geuk) euren kaxa bazkaldu ondoren, horrenbeste espero genuen futbol partidua iritsi da. Esan genezake denetik gertatu dela, eta eskolako koloreak ondo defenditu direla, nahiz eta emaitzak asko lagundu ez. Ursulinetan eskolapioak irabazle izan dira baina Eskolapioetan poloniarrak izan dira nagusi.
Eta horrela joan da eguna, azken orduko erosketak egin, maleta prestatu, afaldu eta autobusera … agurra, besarkadak, agian gero arte, muxuak, negarrak, tuentia, emaila, udaran itzuliko naiz, Tolosan ikusiko dugu elkar… argi dago poloniarrek zeozer dutela, urteak joan eta urteak etorri horrelako agurrak eta laudorioak entzuten jarraitzen baititugu.
Mila esker Poznaneko Eskolapio eta Ursulinak horren harrera beroa egin diguzuelako, etxekotzat hartu gaituzuelako, eta etxean bezala sentitu arazi gaituzuelako; leku zoragarriak erakutsi, jaki eta edari errepika ezinak dastatu, zeuen kultura maite eta erakutsi diguzuelako. Espero dugu zeuen mailara iritsi ahal izatea Tolosan hartzen zaituztegunean.
Eta orain Berlin dugu jomuga!!! Lainotuta egongo omen da, euria ez dagoen bitartean…
Ondo izan eta bihar arte!!  

No hay comentarios:

Autobusean

Afaltzen eta arropa aldatzen

Igeriketa semisinkronizatua

Abesten

Euskal kantak polakoentzat

Dantzan 1

Dantzan 2

Dantzan 3

Aquaparken

Txorien lagunak

JARRAITZAILEAK

Hirukide albisteak